- veletaaizorratz
Martxan da Aiz-Orratz elkarteak antolatzen duen Mozorro Lehiaketa
Telefono edo email bidez argazkia bidalita parte hartu ahal izango da, eta otsailaren 15eko Haur Jaialdian emango dira ezagutzera irabazleak.
Ia dena prest da 52. Haur Jaialdirako: otsailaren 15ean ospatuko da, Kalderero Egunean.
Azken urteetan egin izan den moduan, goizez ospatuko da. Jende askorentzat inauteri bezperetako tradizio txiki bihurtu da goizean egiten den kalejira: 11:45ean, elkartetik abiatuko dira Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa eta Aiz-Orratz txaranga.
Trianguloan kalejirara batuko dira Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak. Eurak izango dira, 12:30etik aurrera, Leidor Antzokian ospatuko den Haur Jaialdiko protagonista nagusiak. Joseba Usabiaga izango da saioaren gidari lanetan. Besteak beste, Marrazki eta Mozorro Lehiaketako sariak banatuko dira. Gainera, hamaiketakoa eta zozketak izango dira bertaratzen direnentzat.
Otsailaren 14an jarriko dira salgai sarrerak, 18:00etatik aurrera, Leidorreko lehiatilan. Egunean bertan ere, eskuragai izango dira, 11:00etatik aurrera, euro bateko prezioan.
Mozorro lehiaketa, martxan
Mozorro lehiaketan parte hartzeko, argazki edo bideo bat bidali beharko da WhatsApp (688 854 076 telefonora) edo email bidez (haurjaialdia@gmail.com helbidera). Artxiboarekin batera, izen-abizenak eta gurasoen kontakturako datuak jarri beharko dira.
Sarien artean, Ostegun Gizenean zezenak palkotik ikusteko sarrerak, haur zinerako bonuak edo Gozona Gozotegiak eskainitako merienda izango dira.
Argazkiak bidaltzeko epea otsailaren 10an amaituko da.

Haur danborradako entseguak asteburu honetan hasiko dira
Zaldunita Bezperako Haur danborrada ere Aiz-Orratz elkarteak antolatzen du. Otsailaren 22an izango da aurten, eta urteroko ibilbide bera jarraituko du. Eguraldi txarra eginez gero, elkartearen sare sozialetan nahiz tokiko komunikabideetan emango da erabakiaren berri.
Kosaken entsaioak asteburu honetan hasiko dira. Honakoak izango dira datak: Urtarrilak 18 eta 25, Otsailak 1 eta 8. Guztiak Tolosako Musika Eskolan izango dira, 15:30ean.
Entsaio orokorra, berriz, otsailaren 16an izango da, Trianguloan, 11:00etan.
